Ganbarako objektuek hitz egiten jarraituko dute

2023, Abenduak 20

ganbaraUrtea amaitzen ari da, balantzerako eta memoriarako unea da. Aurtengoan Ganbara Bildumak protagonismo berezia izan du. Joan den azaroaren 10ean San Telmo Museoan Altzako etxe batera bidaia 60ko hamarkadan (deskargatu Pdf) liburuaren aurkezpenarekin aro berri bat hasi da Ganbararentzat, orain Aranzadi Zientzia Elkartearen baitan. Hemen ekitaldiaren argazki erreportaje txiki bat ikus daiteke eta hemen ekitaldi osoaren bideoa.

Etorkizunean Ganbarak Aranzadiren eskutik hazitzen jarraitu ahalko du egin ahal izango diren dohaintza berriekin, baina aldi berean Ganbarak bere txokoa edukitzen jarraituko du Altzanet gure webean, eta bertan ikusi ahalko dira katalogatuta zeuden 164 objektuen argazkia eta deskribapena, baita aurkeztu berri den liburua deskargatu ere.

Aurkeztu berri dugun liburuaren sarreran jaso eta laburbildu ditugu Ganbara bezalako proiektu bati zentzua eman dioten ideia eta mugarri nagusiak, AHMn eman dituen hogeita sei urteetan. Aurkezpen testu hori honera ekarri dugu eta jarraian irakur dezakezue:

Ganbarako objektuek hitz egiten jarraituko dute

Altzak metamorfosi sakon bat ezagutu zuen XX. mendean zehar, eta landa-eremuko komunitate sekular bat industria-komunitate bihurtu zen. Batez ere kanpoko bulkadek eta tentsioek eragindako eraldaketa horrek aurreko mendeko altzatarrak moldatu ditu, eta aldi historiko horretako protagonista izan diren pertsona eta kolektibo askoren bizi-esperientziaren parte da.

Informazio eta komunikazio teknologietan oinarrituko ekonomiaren agerpenak, ordea, jauzi berri bat ekarri du, eraldaketa berri bat, gure eguneroko bizitzan ezinbesteko parte izan diren ohiturak, espazioak eta objektuak ahanzturan baztertuak eta desagertzeko puntura eraman arte.

Altzako Historia Mintegiko kideen artean oraina bete-betean bizitzeak duen garrantziaz eta etorkizunik onena eraikitzeko dugun erantzukizunaz jabetuta, beren komunitatearen bilakaera historikoarekin sentsibilizatuta dauden herritarren talde gisa, hasiera-hasieratik planteatu zen altzatarren eta haien kolektibitatearen memoria eta esperientzia pertsonala zaintzera bideratutako jardueren eta ekimenen mintegi bihurtzeko asmo handiko proiektua.

Eta ikuspegi horretatik, hain zuzen ere, AHMk hogeita hamazazpi urteetan hainbat eta hainbat jarduera egin ditu helburu horiek lortzeko, eta, jarduera horietako bat Ganbara izan da, 1997. urtetik jatorri industrialeko etxeko objektuen bilduma osatzen, zaintzen eta ezagutzera ematen ahalegindu dena.

Gure ustez, proiektu honek ezin hobeto erantzuten dio gorago azaldu dugun memoria historikoaren eta gertukoaren eremu horretan dagoen hutsunea betetzeko beharrari. Ganbarak ez du gizabanako batzuen bilduma-gustua asetzen duen objektu-bilduma hutsa izan nahi izan. Aitzitik, bokazio soziala izan du.

Gizakia sinbolo sortzaile eta objektu-egilea da. Objektuak ze funtzio duten eta merkantzia gisa duten balioaz baino haratago doaz: nola eskuratu zen, non, zein momentutan, noren bitartez… Objektuak emozio-eramaileak dira eta norberaren bizipenekin lotzen dira, baita esanahien eramaile ere. Objektuek hitz egiten dute.

Gainera, objektu hoiek etxeko bizitzari lotuak baldin badaude sinbolismo hori areagotu egiten da. Etxeko hornidura, etxeari loturiko objektuek etxea osatzen dute. Etxea da munduko gure lehen txokoa; gure lehen unibertsoa.

Objektuak, hortaz, oroimenari eta oroitzapenari lotuak daude, gogorarazteko ahalmena dute eta oroimenean dugun iraganaren irudia sortzen dute, eta, horregatik, norberaren nortasuna definitzen laguntzen dute, baina baita komunitatearena ere, pertsonak talde bateko kide diren neurrian. Horregatik da garrantzitsua Ganbara.

Esan bezala, AHM 1986ean sortu zenetik objektuak biltzen hasi zen eta 1997tik aurrera, Javier Cantera mintegikidearen ekimenari eta haren inguruan bildutako taldeari esker, proiektuak forma hartu zuen, objektuak bildu, sailkatu, ordenatu eta ezagutaraztea. Horrela, dibulgazio-artikuluak argitaratu ziren elkarteko Estibaus buletinean, objektuen fitxak AHMren www.altzanet.eus webgunean eskaini ziren eta erakusketak atondu eta bisita gidatuak egin ziren.

Proiektuaren hasierako helburuetako bat espazio museistiko bat sortzea zen, bildumako objektuak ongi gordetzeko eta zaintzeko, eta komunitatearen eskura jartzeko. Hainbat ahalegin egin ondoren eta urteak aurrera joan ahala, GANBARAren etorkizunarekiko kezka eta ziurgabetasuna errotuz joan zen.

Hori dela eta, azken urteotan, ahalegin nagusiak GANBARAren funtsaren katalogo osatua egin eta beste elkarte edo erakunde baten bila ibili gara, bildumaren funtsa bere osotasunean haien baitan uzteko, beti ere objektuak etorkizuneko balizko erakusketa edota beste jardueren bat burutzeko eskuragarri egongo direla eta, GANBARA bilduma, beste ondare funtsa handi batean integratzerakoan, ez dela disolbatuko eta izaera propioa edukitzen jarraituko duela ziurtatuz.

Horrela, orain dela hiru bat urte, Aranzadi Zientzia Elkartearen Etnografia Sailak bere ateak zabaldu zizkigun haien “Objektuen Memoria” proiektuaren baitan GANBARA jasotzeko. Horrela, 2022ko udan Ganbara Bildumaren ibilbidean aro berri bati hasiera eman genion GANBARAko objektuak Larratxoko kultur etxeko biltegitik Bidebietako “Ikastetxe Horian” dagoen Etnografia Laborategian depositatuz.

Oso pozik eta eskerrak emateko motiboak baino ez dauzkagu. Eskerrak eman behar dizkiegu urte hauetan guztietan beren objektuak eman dizkiguten hogeita hamaika lagunei, baita objektu horiek gordetzeko espazioa utzi digun Donostia Kulturari Larratxoko kultur etxean urte horietan guztietan aterpea eman diolako GANBARAri.

Oso eskertuak gaude Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta haren kideekin: Fermin Leizaola Etnografia Saileko zuzendariarekin, lehen eta orain gure ondoan egon delako beti; Maite Errarte eta Suberri Matelo Etnografia Saileko ikertzaile gazteekin, profesionaltasunez eta txerazko arretaz GANBARA bere gain hartu dutelako; hala nola Aintzane Kortajarenarekin, GANBARAren katalogo hau atondu duelako. Eta, jakina, zorion-une honetan gogoan dauzkagu honezkero utzi gaituzten gure lagunak eta AHM kideak izan diren Javier Cantera, GANBARA proiektuaren bultzatzaile nagusia, eta Ángel Calvo, Etnografia Saileko kide eta maisua.

Aranzadiko bildumen barruan, GANBARAko objektuek hitz egiten jarraitu ahal izango dute. Esku artean dugun katalogoa horren froga da, eta etorkizun oparoaren urrats bat besterik ez izatea espero dugu.

Etiketak:

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Urria 2024
A A A O O L I
« ira    
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031  

RSS

Azken iruzkinak

  • Adriana
    (2024, Martxoak 29)
    «Me gustaría poder aprender mejor a confeccionar prendas y sacar patrones. Para poder hacerme mi propia ropa. Tengo el ...»
  • Roberto López
    (2024, Martxoak 27)
    «Buenas, mi tío abuelo: Manuel López De los Santos, formo parte del Batallón internacional nº 26 Karl Liebknecht (PCE), falleciendo ...»
  • Pilar Egido eta Enrike Kortabitarte
    (2024, Martxoak 27)
    «Merezitako omenaldia. Gaztaroan zorte handia izan genuen zu gure lehenengo irakaslea izatean. Irakasle berria, baina gogoa eta sasoia ez zenituen sekula falta. Zu ...»
  • Ramón F. Gorosabel
    (2024, Martxoak 22)
    «Muy interesante la actividad Es edificante Gracias. »
  • Maira
    (2024, Martxoak 2)
    «Hola necesito contactarme con las señoras Verónica. Recién leo esto. Soy la novia del nieto de olivo. Su papá Carlos. ...»

etiketak


Sarean