Gorenak inposaketaren bidea itxi du

2011, Apirilak 7

AHM

Pasaiako mugen gatazkari buruzko guztia esana dago. Epaitegi Gorenaren epaia falta zen soilik; eta dagoeneko hortxe dute, dugu. Epaitegi Gorenak inposaketaren bidea behin betiko itxi egin dio Pasaiako udalari.

Gatazkaren bultzatzaileek ezustekoa bilatzen zuten epaitegian, ia txiripaz haien aldeko epairik ba ote zegoen, baina ez da ezusterik egon; logika eta arrazoia nagusitu dira. Egoeraren azterketa egiteko eta laburbiltzeko garaia da, baita aurrera begiratzeko ere.

Epaitegietara jo aurretik, Pasaiako udala Errenteria, Donostia eta Aldundiarekin elkarrizketetan murgildurik zegoen Molinao aldean muga aldatzeko asmotan. Tartean hirigintza gaiak zeuden: Auditz-Akular, Landarro eta inguruko beste hainbat antolamendu. Garai horretan zementuak eta eraikuntzak dirua barra-barra banatzen zuten udalen artean, Pasaian izan ezik; udal barrutiaren ezaugarriek negozioa mugatzen zuten. Elkarrizketa horiek ez zituen asebetetzen nonbait, eta hordago botatzea erabaki zuten: epaitegietara jo elkarrizketa alboratuz eta erabakiaren eragina jasango zuten jendearen iritziaz paso eginez, erreferendum edo inolako galdeketarik egin gabe.

Sei urte hauetan burutu duten kanpainak bi oinarri izan ditu: batetik, Pasaiaren sorreraren historia berregin dute, eta, bestetik, topikoz eta aurreiritziez jositako propaganda lana egin dute, literatura historikoz eta juridikoz jantzirik.

Dena ongi samar atera zaie, epaitegietara heldu arte. Hanpatutako diskurtsoa epaitegietan hustu egin zaie, moldez eta funtsez, haiek aitortu nahi ez badute ere, ezin dute, dogmatismoak ez die ikusten uzten. Haiek erabilitako argudioak bi txostenetan oinarrituta daude, bata historikoa eta bestea juridikoa, biak aurretik jarritako helburu bati begira enkargatuak, idatziak eta ordainduak. Txosten horiek Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen irudi eta izenarekin makillaturik azaltzea propagandarako baliagarria izan daiteke, baina ez du analisi historikoaren galbahea pasatzen inolaz ere eta, are gutxiago, epaitegi batena, argi eta garbi geratu den bezala Epaitegi Gorenaren erabakiarekin.

1807. urtean Vargas Poncek bere mandatua uzteko agindua jaso zuen eta etsitu behar izan zuen bere burua “gutxietsia” eta “iraindua” zegoela adieraziz. Porrot egin zuen berak bi urte lehenago sortutako udalerri berriari bere buruari ongi iruditzen zitzaion udal barrutia emateko ahaleginean. Biztanleen eta erakundeen eskubideen gainetik pasatu nahi zuen eta, jakina, kaltetuek errekurtsoa jarri zuten horren aurka. Horregatik, ez aginte politikorik ezta judizialik ere, inork ez zuen Vargas Ponceren proiektua exekutatzea agindu.

Berrehun urte geroago, Vargas berpiztu nahi zutenek era berean amore eman behar izan dute, hura bezala biktimarena egiten. Alkatea eta Mugen Batzordea kexu dira, “erabateko babesgabetasuna” argudiatuz. Batere lotsarik gabe, historialari batek eta legegizon batek asmatutako ipuin batean oinarrituta, beraien jurisdikziopean hartu nahi gintuzten 25.000 mila altzatarrei gai honetan babesgabetasunik gabekoak beraiek direla sinestarazi nahi digute. Gaur egungo Europan, nongo epaitegiak babestuko luke 1805. urtean despotismo ilustratuak sortutako proiektu baten exekuzioa?

Babesgabetasuna bazegoen, ordea, 1890. urteko antxotarren artean (ikus garaiko La Voz de Guipúzcoa egunkariaren kronikak), garai hartako Epaitegi Gorenak Antxo bitan zatitu zuenean eta beraien borondatearen aurka zati bat Pasaiaren jurisdikziopean jarri zuenean, gaur egungo arazo askoren jatorria.

Babesgabetasuna bizitu genuen altzatarrok 1940. urtean, udal frankista batek Altza Donostiaren menpe jarri zuenean.

Babesgabetasuna Herreran bizi duguna, non auzotarrak erabaki guneetatik erabat bazterturik gauden, erabakien ondorioak geuk jasan behar baditugu ere.

Babesgabetasunean murgildurik egon gara altzatarrak 2011. urtean, Pasaiako udalak gure eskubideekin jolasten zuen bitartean Donostiako udalak erabat desinformaturik mantendu gaituenean.

Epaia Pasaiaren aldekoa izan balitz, zein egoeratan geundeke? Kuadroa irudikatzea ez da batere zaila: 1890. urteko epaiak sortu zuen hirigintza eta administrazio irrazionala errepikatuko litzatekeela beste behin, gaur egun Eskalantegi eta Azkuene kaleetan ongi baino hobeto ezagutzen ditugun arazoak biderkatuz eta Altzako beste kale askotara eramanez. Pasaiako politikoak ez dira nabarmendu, hain zuzen ere, arazoak konpontzeko adostasunak biltzeko gaitasunean. Bai, ordea, ongi erakutsi dute denak biltzeko gai izan direla arazoak sortzeko eta ordezkatzen ez dituzten herritarrei haien ikuspuntu berezia inposatzen saiatzeko.

Epaitegi Gorenak erabakia hartu du eta bidea itxi egin die. Ipuina amaitu da.

Etiketak: , , ,

2 iruzkin

  1. elena arrieta yarza

    Me alegro de leer este artículo. Llevo tiempo dando vueltas a esta sensación que tenemos en Altza de “pieza de caza” que se reparten entre dos instituciones con un indecente sentido de propiedad de un pueblo que no es suyo y que demuestran no tener categoría para llegar a acuerdos que nos faciliten la vida cotidiana y de vecindad. Si Pasaia reclamaba parte de Altza sin tener en cuenta que nuestro pueblo era ya para entonces un hecho, a Donostia, como se dice en el artículo, no le ha importado sopesar ceder terreno altzatarra por unos intereses urbanísticos que, parece que de momento no han cuajado. Tal y como han llevado el desarrollo de este asunto estas dos instituciones una cosa sí ha quedado clara: ni a una ni a otra, los altzatarras les hemos importado un pimiento. Sólo quieren “colonizar”. Estamos en manos de unos mediocres que lo que mejor hacen es enfrentarnos a pasaitarras y altzatarras. Y eso, no se lo vamos a permitir.

  2. Aitor Garin

    Kanpotik segitu dut historia hau eta pena eman dit horrelako kudeaketa ikustea. Batez ere erabili (erabiltzen) den tonoa, nere ustez eztabaida interesgarri baten gainean.

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Azaroa 2024
A A A O O L I
« urr    
 123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930  

RSS

Azken iruzkinak

  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 20)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 3)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 2)
    «AQUÍ SE HABLA DE AUDITZ AKULAR YNUNCA SE MENCIONA EL PROBLEMA DE ROTETA AZPIKOA Y LA DEJADEZ DEL AYUNTAMIENTO DE ...»
  • Olaia H
    (2024, Urriak 25)
    «Belardiak beharrezkoak dira. Gainera zaindu behar dira eta zuhaitz gehiago landatu behar dira eta ez dorre gehiago. Udalak Altza ez ...»

etiketak


Sarean