Zirraragarria

2011, Azaroak 20

Sekulako kontzertua. Isilean entzuten genien hunkiturik, eta bero-bero txaloka hasten ginen pieza bakoitzaren ondoren. Kontzertu amaieran eskuak estutu, besarkatu eta beste altzatarrekin bizitzen ari ginena partekatu behar genuen. Eskerrik asko guztioi, musikariei eta publikoari, une eder hori sortzeagatik, musikaren eta pertsonen edertasuna nagusi izan zen une hori. Altzatarren “Altzak soinu, Altzak doinu” kontzertuak zirrara sortarazi zigun.

Kontzertuaren bideoa “Altza, Hautsa Kenduz” liburuaren aurkezpen egunerako prest egotea nahi genuke, abenduaren 16an, alegia.

Bitartean, Altzako Historia Mintegiaren bazkideei egindako omenaldien tartean Joan Mari Irigoienek irakurri zuen poema daukazue.

KONTZERTU BATEN
EZOHIKO AURKEZPENA
(2011-XI-18)

Manolo Elizasuri, in memoriam,
ITXAROPENA-k bizi izan zuelako

Batzuek Jainko deitzen diote,
beste batzuek Energia Kosmiko,
berdin zait.

Nik sinesten dudan Jainkoak,
izan ere,
izen asko ditu:
Maitasun,
Edertasun,
Bizi Iturri,
Musika Iturri…

Musika Iturria, baina,
ez ote da Bizi Iturria, aldi berean?

Ez al du, bada, musikak
sentimenduak sortzen
eta bizia biziago bihurtzen, azken batean?

Horregatik,
nik sinesten dudan Jainkoak
atsegin ditu musika guztiak:

atsegin ditu
gregoriar kantua eta polifonia,
oreka eta armonia,
Monteverdiren sonatak
eta Beethovenen bosgarren sinfonia,
Perosiren mezak
Schönbergen trabesak,
Pendereckiren sorpresak…

Atsegin ditu musikari emanak bizi diren taldeak,
Donostiako udaleko txistulari taldea, adibidez,
edo Aita Sierra eta Orereta-Oinarri abesbatzak,
atsegin ditu
taldekideek saioei eskainitako ordu gozo-mikatzak,
pentagramaren lerro zehatzak,
nota zuri-beltzen adatsak,
trikitiaren erritmo aberatsak,
dantzarien urratsak,
bihotz maiteminduen maiatzak,
“boga-boga”-ren legatzak,
ziztuan doazen sorginen erratzak…

Atsegin ditu txantxangorriak,
gerezi jostarien nota gorriak,
justiziaren alde jaurtitako hotsak:
pobreen kexu biziak,
presoen garrasiak…

Atsegin du txakurraren zaunka,
katuaren miaua,
behiaren marruma,
usoen urruma…

Sinesten dudan Jainkoak
atsegin ditu musika guztiak:

atsegin du rock and rolla
oihu eta oihu dariola,
atsegin du popa,
eta atsegin hip-hopa:

Eskerrik asko kontzertu honetan
parte hartu duzuen guztioi,
oi-oi-oi!,
ai-ai-ai!,
oiloak euritan blai!,
apaizaren txakurra ezkongai!

Azken gisa, berriz,
aurki izango ditugu danborreroak:
tarrapatan-tarrapatan,
pobreak beti bi zulo soldatan!

Aipa ditzadan, halaber,
geurekin izan ditugun
bakarlarien izenak,
ondoren datozenak:

Jon Anza:
gustatu zaiguk hire bertso arrantza!

Manu Gomezek —onena baita—
primeran jo dik-n gaita.

Ohi bezala, Beñat Ralla:
gaur ere eman duk heure maila!

Jose Luis Murua:
Altzako tenoreen gurua!

Jone Gonzalez Zapirain:
emakume lirain,
jainkozko ahots,
buru eta bihotz!
[1]

Altzak soinu, Altzak doinu,
Altzak Altzako Mintegiko kideei,
25. urteurrenean, ohore eta omen,
umore eta kemen,
sekulorun sekulotan, amen.
[2]

Nik sinesten dudan Jainkoak
atsegin ditu musika guztiak,
isiltasunaren musika ere bai, jakina,
eta ea isiltzen naizen behingoz…

________________________________________
[1] Letra etzenez dauden lerroak hip-hop moduan egin beharko lirateke
[2] Puska hori, elizako doinuren batean

Iruzkin 1

  1. Pello

    Oso polita, Juanmari, zuk esandakoa, edukian eta forman.
    Serio eta umoretsu, …
    Horrela jarraitu! Musika egiten gu ahaleginduko gara.
    Eskerrik asko.

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Urtarrila 2025
A A A O O L I
« Abe    
 12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031  

RSS

Azken iruzkinak

  • Carmen Perez
    (2024, Abenduak 30)
    «Yo conocí a Eusebi como la llamábamos las niñas y niños de las escuelas públicas de Buenavista, allí trabajo de ...»
  • Carmen Perez
    (2024, Azaroak 29)
    «ZORIONAK POR LOS 50 AÑOS DE ASOCIACIONISMO »
  • Carmen Perez
    (2024, Azaroak 29)
    «ZORIONAK POR LOS 50 AÑOS »
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 20)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»

etiketak


Sarean