Larreandiak kontzeju-lurrak, eta Larreandi eta Larditxiki baserriak
Patxi Lazcano, Iñigo Landa
Altzagainako mendebaldeko mendi-hegian, XIX. mendearen hasierara arte, kontzeju lursail zabal bat zegoen, Donostiako Udalaren jabetzakoa, Larreandiak izenekoa. 1808tik aurrera, Frantziako okupazio militarrak eragindako gastu handien ondorioz, Udalak lursail horiek salgai jarri eta pribatizatu egin behar izan zituen.
Larreandiak izeneko lurrak —hau da, zelai handiak, landu gabeko lur zabalak— hainbat lursailez osatuta zegoen, eta horietako hiru dokumentatuta ditugu, baina ziur asko gehiago egongo ziren. [1] Horietako birekin Larreandi baserria zenaren gunea osatuko da, eta hirugarrenarekin Larditxiki baserriarena.
Kontzeju lur horien lursail baten lehen erosketa Juan Bautista Etxeberria altzatarrak 1808ko uztailaren 24an egin zuen. Hauxe da lursailaren deskribapena: “cuatrocientas posturas[2] de tierra erial que radican en feligresía de ella [Altza] jurisdicción privativa de la Ciudad, que confinan por el Oriente con el camino público que desde la Herrera dirige a dicha Población; por el Poniente con tierras Larreandiac, y regata de Larrachao; por el mediodía con las de Estibaus, y Miraflores, y por el Septentrión con el idéntico camino público“.[3] Lursailaren neurketa eta deskribapena ez zuten behar bezala egin, eta lau urte geroago, 1812ko urtarrilaren 17an, Juan Bautista Etxeberriaren semeak, Jose Bernardok, hirurehun zilar-kobrezko erreal ordaindu behar izan zituen, eskuratutako lurrak zituen ehun postura gehiagoengatik. [4]
Handik hilabete gutxira Larreandiak lurren beste lursail baten salerosketa gauzatu zen. 1809ko martxoaren 11n, Jose Ignacio Sein Oiartzungo presbiteroak, Jose Manuel Zuazola altzatarrak ordezkatuta, landu gabeko lur horietako bi jugada[5] erosi zituen[6], eta lau hilabete geroago, uztailaren 30ean, Pasaiako Francisco Goikoetxeari saldu zizkion. [7] Operazio horretan Zuazolaren partaidetza esanguratsua da, izan ere, aurrerago ikusiko dugun bezala, berak Larreandiak eremuan hirugarren lursail baten jabetza bereganatuko du, Larditxiki izango dena.
Zazpi urte igaro ondoren, 1815eko martxoan, Juan Bautista Etxeberriak 1808. urtean erositako lursailaren salerosketaren erregistroa berriro egin behar izan zuen, —1813an Donostia suntsitu zuen sutean artxiboa erre zelako—, eta bertan adierazi zuenez, landu gabeko lur horiek ordurako emankorrak bilakatu ziren “reducidas a sembradío y manzanal“, ereiteko lurrak eta sagastiak, alegia.[8]
Erregistroko inskripzioaren berritze hori Jose Bernardo Etxeberria eta Francisco Goikoetxearen arteko transakzio baten aurretik egindako izapide bat izango da. Goikoetxea, Larreandiak ondoko beste lursailaren jabea izateaz gain, Herrerako Peruene baserriaren jabea ere bazen. 1815eko martxoaren 11n Goikoetxeak Peruene baserria eta bere jabetzak Etxeberriari salduko dizkio 13.000 zilar-kobrezko errealen truke. Ordainketa erdia eskudirutan egingo da, eta gainerakoa, 6.610 erreal, bere aita Juan Bautista Etxeberriak Larreandiak eremuan erosi zituen bost jugada lur trukean emanez.[9]
Hil horren 29an, Etxeberriak, Perueneko jabe dagoeneko, Goikoetxeari bederatzi urteko baimen luzagarria ematea eskrituratuko du bere jabetzako bide bat Larreandiak lursailerako sarbide gisa erabiltzeko, baina bakarrik lurrak ongarritzeko simaurra eramateko eta fruituak biltzeko, idi- edo behi-juntak bultzatutako gurdiak erabiliz.[10]
Goikoetxeak Larreandiak eremuan egingo duen inbertsioa oso errentagarria izango zaio, hamasei urte geroago saldu zuenean ikus daitekeen bezala. 1831ko apirilaren 19an, berak eta Joaquina Antonia Lizarazuk, senar-emazteak, Larreandiak lursaileko bi partzelak Jose Maria Azarolari salduko dizkiote.[11] Salmentaren aurreko neurketan eta tasazioan, Perueneren salerosketaren ordainketaren zati gisa Etxeberriarengandik jaso zituen bost jugadak 10.914 zilar-kobrezko errealetan balioetsi ziren, hau da, 1815ean baino 4.304 erreal gehiago.[12]
Jabe berria, Jose Maria Azarola, 26 urteko Gabiriako gazte bat zen eta Maria Hilaria Pikabea donostiarrarekin ezkondua zegoen. 1845eko urriaren 24an, senar-emazteek testamentu bateratua egin zuten, eta, bertan adierazi zutenez, Loiolan zegoen Tximitegi eta Altzako Larreandia izeneko baserriak erosi zituzten, eta baita lur-zati landugabe batzuk Ulia mendian, Igeldon eta Altzan.[13]
Larreandia izeneko baserria, beraz, zehaztu gabeko data batean eraiki zuten[14], 1831 eta 1845 urte bitartean, hau da, lursailaren erosketa eta testamentuaren arteko tartean. Ulian eta Altzan dauden lur-zati landugabeen gainean, badakigu lehenengoa otadi-mendi bat dela, Salto izenekoa, Platako itsasargitik gertu[15]; eta beste lursaila 1934ko otsailaren 23an Juan Francisco Arzaki erosi ziotela eta Borda-Arzak baserritik gertu zegoela.[16]
Azarola bere testamentua egin eta bi urtera hil zen, 1847an, eta Hilaria Pikabea alargunak Larreandia baserria eta bere ondasunak administratuko ditu 1883an hil zen arte.[17] Bere zazpi semeetatik zaharrena, Jose Maria Azarola Pikabea, La Guardiako (Tuy, Pontevedra) abadea, izango da oinordekotza jasoko duena[18] eta, handik gutxira, Andres Rodriguez Titori salduko diona, 1887ko abuztuaren 29an. Salerosketa-eskriturak Larreandia baserria eta haren jabetzak izan zirenaren deskribapen osoa eta zehatza jasotzen du.[19]
Larreandiak lursail batetik sortutako beste baserria Larditxiki da. Jose Manuel Zuazolak erosi zuen. Zuazola Larrerdi (Lardi, bere forma herrikoian) oinetxearen mendebaldeko erdiaren jabea zen, eta, gainera, Altzan hainbat jabetza zituen. Lehen ere ikusi dugunez, Zuazolak Jose Ignacio Seinen ordezkari gisa jardun zuen Larreandiak lursailaren erosketan.
Zorrak zirela eta, Zuazolak bere jabetzak saldu behar izan zituen, baita Larreandiak eremuan erositako lursaila. Salmenta 1825eko urriaren 12an egin zen eta Antonio eta Jose Francisco Alkiza Aranburu anaiak izan ziren erosleak. Eskrituran jabetza honela deskribatzen da: “Y dijo [Zuazola] que en el paraje nombrado Larreandia, en la Cuesta subida para la misma población por la Herrera, tiene el compareciente de su propiedad y pertenencia seiscientas posturas de tierra erial en un terreno cerrado de vallados, confinantes, del Oriente con tierras de la Casa Larrerdia, del mediodía con jurisdicción de la nombrada Casanao, y del Poniente y septentrión con tierras de la Casería Peruenia, habiendo adquirido las quinientas y cuarenta posturas de aquellas por compra hecha a dicha Ciudad de San Sebastián”.[20]
Alkiza anaiak erosle gisa agertzen badira ere, jabetza Jose Franciscoren esku geratuko da, eta honek baserria eraikiko du 1829an, Teresa Antonia Etxebesterekin ezkondu aurretik, 1866ko azaroaren 19an eskrituran adierazten duen bezala: “Declaro, que soy propietario de la casería Lardichiqui, cuya casa levanté sobre tierras que compré a D. José Manuel Zuazola, habiendo la adquisición de éstas y la construcción de aquella, siendo yo soltero. Declaro que después, ya casado, agregué como una jugada de tierra a dicha finca.”[21]
Laburbilduz, dokumentazioaren bidez Larreandi eta Larditxiki baserriak sortzeko prozesua jarraitu dugu, Larreandiak izeneko kontzeju-lurren lursailetatik abiatuta. Larreandia/Larreandi abizena XVII. mendearen amaieran agertu zen Altzan, eta horrek pentsarazi zigun etxejabearen izenak izena emango ziola etxeari, altzatar baserrien artean ohikoena. Hala ere, dokumentuek frogatu dute Larreandiren kasuan ez dagoela inolako loturarik abizena eta etxearen izenaren artean, eta, bide batez, Larrerdi eta Larratxao oinetxeen izenen jatorriari buruzko birplanteamendu bat egitea eragingo dute. Izan ere, Larrerdi eta Larratxao Larreandiak eremuarekin iparraldetik eta hegoaldetik, hurrenez hurren, mugakide dira, eta, ‘larre-’ sustraia partekatzen dutenez, agian, lursailen jatorrizko ezaugarriak partekatu ahal izango dituzte eta baita etxeen izenetan eragin ere.
—
[1] Horietako bat Altzako hilerriak hartzen duen lursaila izan daiteke. Ez dakigu zehatz-mehatz lehen hilerria noiz egin zen, baina 1825. urtean San Martzial eliza berria inauguratu zenetik aurrera ez da hilobiaz hitz egiten, eta aurreko eliza zaharrean, 1790. urtean, 75 bazeuden.
[2] Balzolaren taulen arabera, Altzan, 100 postura 0,311 hektarea dira. Aipamena hemen: Carrión Arregui, Ignacio: “Los antiguos pesos y medidas guipuzcoanos”. In: Vasconia, 24 (1996), 64. or.
[3] AHPG-GPAH 3/0118, A: 182r –186v
[4] AHPG-GPAH 3/0118, A: 187r
[5] 1 jugada = 100 postura. “dos jugadas de a cien posturas de tierra erial en el paraje de Larreandiac” AHPG-GPAH 3/2334, A: 090r- 093v
[6] AHPG-GPAH 3/2334, A: 090r- 093v
[7] AHPG-GPAH 3/2334, A: 088r-089v
[8] AHPG-GPAH 3/0118, A: 188r –189v
[9] AHPG-GPAH 3/0118, A: 179r-181v
[10] AHPG-GPAH 3/0118, A: 212r-214r
[11] AHPG-GPAH 3/0059, A: 65r-70v
[12] AHPG-GPAH 3/0059, A: 71r-71v
[13] AHPG-GPAH 3/0207, A: 181
[14] 1885eko otsailaren 9an Jose Maria Azarola eta Maria Hilaria Pikabea senar-emazteen ondarea banatzeko eragiketak protokolizatzeko eskrituran honela dio: “Se edificó el caserío nombrado [Larreandia], en tierras y manzanales que los consortes Francisco de Goycoechea y Joaquina Antonia de Lizarazu vendieron a dicho D. José María de Azarola”. AHPG-GPAH 3/3668, A: 402r-447v, 71-74 orr.
[15] AHPG-GPAH 3/3687, A: 3023r-3032v
[16] AHGP-GPAH 3/0085, A: 38r-40r
[17] 1852ko urriaren 6an, Maria Hilaria Pikabea bere jabetzako hiru baserrien suen aurkako asegurua egiteko ahalorde gutuna ematen du, eta horien artean Larreandia dago. AHGP-GPAH 3,3080,A, 468
[18] AHPG-GPAH 3/3668, A: 402r-447v
[19] AHPG-GPAH 3/3687, A: 3023r-3032v
[20] AHGP-GPAH 3/0029, A: 77
[21] AHPG-GPAH 3/3095, A 257r-259r
2021, Urtarrilak 23
Muy buen trabajo. Zorionak por compartirlo.
2021, Urtarrilak 23
Sois tremendos. Aurrera!!!