Los Boscos auzunea: eskola eta ikastola (5)
Antxon Alfaro
Los Boscos auzune berrira etorri ziren familia gehienak gazteak ziren eta eskola-adineko seme-alabak zituzten. Aurkitu zuten lehen arazoetako bat izan zen inguruko eskolek ezin zutela hainbeste ikasle berri jaso. Etxebizitza berrietan bizitzen hasi bezain laster, arazo larri horri erantzun bat emateko lanean hasi ziren.
Auzunearen hasierako diseinuan ez zen eskolentzako espaziorik aurreikusten, aldiz, 4 eta 5 zenbakien etxabeetan haurtzaindegi bat izatea pentsatuta zegoen. Hala ere, auzunea eraikitzeko garaian, lursailaren orografia zela eta, zenbait eraikinen etxabeetan espazioak sortu ziren. Inguruko haurrak eskolatzeko, Donostiako Udalarekin harremanetan jarri ziren, etxabe horien erabilera doan lagatzeko. Udalak proposamena onartu zuen eta eskola berrien mantentze-gastu guztiak ordaintzeko konpromisoa hartu zuen.
1968. urtearen hasieran, “Los Boscos” Etxebizitzen Kooperatibaren Eskola Patronatua sortu zen eskolak kudeatzeko, eta 1 eta 12 eraikineko etxabeetan bi gela martxan jartzea erabaki zen, bata neskena eta bestea mutilena. Hiriko ikastetxe pribatuetatik ekarritako ikasmahaiekin eta eskola-materialarekin hornitu ziren.
1968/69 ikasturtean hasi zen eskola berria. Hezkuntza Ministerioak Maite Iñiguez Ruiz de Clavijo nesken talderako eta Jaime Herrera del Olmo mutilen talderako, eta azken hau zuzendari kargurako ere, izendatu zituen. Maite Iñiguez, bere sustapeneko lehena, Donostiako Udalean plazaz jabetu zen 1968ko irailaren 28an. Bestalde, 1 zenbakiaren behealdean, haur txikientzat gela txiki bat ere bazegoen. Ez zuen errekonozimendu ofizialik, eta irakaslea Marisol Ipiña zen. Taldeak 40 ikasle ingurukoak ziren.
Lehen urte hura gogoratuz Maite Iñiguezek bere gaztaroaren eta eskola frankista haren estiloaren isla den pasadizo bat kontatu zigun. Goiz batean, Hezkuntza Ministerioko ikuskari bat gelan sartu zen eta Maite arbelean idazten ari zenez, ez zuen ikusi. Ikuskariak berriro galdetu zuen non zegoen maistra eta nagusienetako ikasle batek erantzun zion han zegoela, Maite seinalatuz. Emakume hark oso haserretuta txorakeriak alde batera uzteko esan zion. Orduan Maite ikuskariarengana hurbildu zen esanez bera zela maistra. Honek esan zion txantxetarako ez zegoela, eta oihuka berriro galdetu zuen ea non zegoen maistra. Maitek berriro esan zion bera zela maistra eta ikuskariak bi masaileko eman zizkion. Orduan Maitek poltsa hartu zuen eta karneta erakutsi zion, berriz ere maistra zela adieraziz. Gertaera latz horren ondoren, egunaren amaieran gurasoek lore sorta bat eraman zioten Maiteri.
1970/71 ikasturtean, 4 eta 5 zenbakien beheko aldean lau gela berri martxan jarri ziren.
Gelak honela banatzen ziren: 4 urte, 5 urte, 1. eta 2. mailetako neskak, 1. eta 2. mailetako mutilak, 3., 4. eta 5. mailetako neskak eta 3., 4. eta 5. mailetako mutilak. Talde guztiak 40 ikasle ingurukoak ziren. Eskolaurreko gelak ofizialatu ziren eta Ministerioak irakasle berriak izendatu zituen: Visitación, Paloma, Javier, Txelo, Mª Nieves Sesmilo…
Ikasturte horretan Oinarrizko Hezkuntza Orokorraren Lege berria (1970) ezartzen hasi zen. 6 urtetik 14 urtera bitarteko derrigorrezko oinarrizko hezkuntza orokorra (OHO) ezarriko zuena. Lege hori 1990. urtera arte egon zen indarrean, orduan LOGSE legea onartu baitzen.
Hurrengo ikasturteetan sei taldeak mantendu ziren, 250 ikasle inguru izanik, hau da, talde bakoitzak 40 ikasle inguru zituen batez beste. Irakasleen artean lekualdatze batzuk egon ziren eta, aldi berean, beste batzuk etorri ziren, adibidez, Marivi Ortiz de Urbina edo Carlos López.
1972/73 ikasturtean hainbat bilera egin ziren Donostiako Udalarekin, zehazki José María Fernández Zurdo zinegotziarekin, eskoletako lokalen erosketa aztertzeko eta Estatuko ikastetxeen sarean sartzeko. Elkarrizketa hauetan ez zen inolako akordiorik lortu. Aldi berean, Ruiz del Campo akademiak lokalak alokatzeko interesa agertu zuen, eskola izateari utziko baliote.
1973-1974 ikasturtearen amaieran, Maite Iñiguez eskolako lehen irakaslea Gasteizera bizitzera joan zen Carlos López senarrarekin eta Los Boscos eskolako maisua ere.
San José de Calasanz ikastetxearen eraikin berriaren inaugurazioak, 1973an, inguruko haurren eskolatze-baldintzak hobetzea ekarri bazuen ere, haietako askok oraindik ere Los Boscos edo Pikabeako etxabeetan eskolatuta jarraitzen zuten. Egoera horren ondorioz, 1974/75 ikasturtean, zenbait amek protestak egin zituzten Udalaren eta Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, San José de Calasanz ikastetxean haur guztiak baldintza duinetan matrikulatzeko eskatuz.
Protesta horien ondorioz, 1975. urtean Patronatua ixtea erabaki zen, baina ez ikasgelak, San José de Calasanz ikastetxean integratu zirenak, harik eta Hezkuntza Ministerioaren premiazko plan baten barruan bigarren ikastetxe bat eraiki arte. Ikastetxe berri hau ez da 1980/81 ikasturtera arte inauguratuko, eta Oleta Ikastetxe Publikoa izena hartuko du.
1975-76 ikasturtean, eskolaurreko gelak behin betiko itxi ziren, eta ikasle guztiak Arri-Berriko Udal Haur Eskolara pasa ziren.
Los Boscos auzunean, Patronatuaren gelez gain, Altzako ikastolako eskolaurreko bi gela ere aritu ziren lanean hamarkada batez, gerora Herri Ametsa Ikastola izena hartuko zutenak.
70eko hamarkadaren hasieran, Joan Mari Irigoien eta Begoña Alkiza Los Boscos auzunean kokatutako San Jose Langilea parrokiako Pedro Miguel Ezkerra apaiz kaputxinoarekin harremanetan jarri ziren, auzoko txikienentzako euskarazko eskolaurreko gela bat martxan jartzeko asmoz.
Auzokide euskaldunekin hitz egin zuten eta ilusio handiz ekin zioten lanari proiektua gauzatzeko asmoz. Parrokiak, apezpikutzaren onespenarekin, legezko euskarria emango zuen ikastola irekitzeko baimenak lortzeko, legez ezin baitzen bestela egin. Garai hartan, 6 urtetik beherako haurrentzako gelak irekitzeak ez zuen izapide askorik eskatzen, adin horietan eskolatzea oraindik ez baitzen derrigorrezkoa, eta, gainera, katekesiko prestakuntzarako ikasgela gisa eskatzen ziren, eta planteamendu hori guztiz egokitzen zitzaion urte haietan nagusi zen sistema ultra katolikoari.
Los Boscos auzoan lokal bat lortu zuten eta guraso batzuen laguntzarekin egokitu zen. Eta azkenik, 1971/72 ikasturtean eskolaurreko bi gela martxan jarri ziren 3-5 urte bitarteko haurrentzat. Ikasturte horretan Manoli Larrea eta Kristina Astigarraga izan ziren irakasleak. Hurrengo ikasturtean Begoña Alkizak Kristina Astigarraga ordezkatu zuen.
Ez ziren batere hasiera errazak izan. Erregimen frankistarekin etengabe saihestu beharreko legezko zailtasunei finantzaketa gehitu behar zitzaion, eta horri aurre egin behar izan zitzaion ahalegin handiz eta diru gutxirekin. Baliabide ekonomikoak lortzeko, era guztietako jarduerak antolatu ziren, hala nola zozketak, merkatu-txikiak eta Pasaian futbol-partida bat diru dezente bilduz. Don Bosco ikastetxean Andra Mari Abesbatzarekin kontzertu bat ere antolatu zen, porrot handia izan zena, kasu honetan futbol partiduan ez bezala oso jende gutxi bertaratu baitzen.
Bi taldeak, Manoli Larrea eta Begoña Alkizarekin, Los Boscosen egon ziren 1979/80 ikasturtera arte. 1980ko irailean eskolaurreko talde guztiak Herri-Ametsa ikastolak Herreran zeuzkan geletan bildu ziren.
Gauetan, ikastolako gelak inguruko helduen euskalduntzerako ere baliatzen ziren. Pedro Miguel Ezkerrak Gau-eskola jarri zuen martxan, eta adin guztietako 20 pertsona inguru hasi ziren bertan.
***
***
Los Boscos auzuneari buruz gehiago jakiteko:
2021, Abenduak 17
Beti bezala, Antxon. Oso ondo. Mila esker eta segi aurrera!!