Los Boscos auzunea: kultura eta kirola (eta 6)
Antxon Alfaro
Los Boscos auzunearen hastapenetan eta sorreran egin dugun ibilbidearekin amaitzeko, auzo berriaren inguruan lehen urteetan sortu zen kultur eta kirol arloari erreparatuko diogu.
Los Boscos auzunearen diseinuan elementu bereizgarri bat, inguruan eraiki ziren gainerako auzuneekin alderatuta, proiektuan komunitate berrirako zenbait zerbitzu jasotzea izan zen. Eskola edo dendez gain, eraikin batean ere erabili zen guztia, 13. zenbakia, bai dotazio erlijiosoetarako, garaiko giroarekin bat etorriz, bai kulturarako eta aisialdirako ere. Beheko solairuan eliza zegoen, lehen solairuan gizarte-lokala, bigarren solairuan zinema, gainean kaputxinoen etxea eta azken solairuan gimnasio bat. Horri esker, gune horiek elementu garrantzitsuak izan ziren gizarte-, kultura- edo kirol-dinamizazioan, bai Los Boscoseko biztanleentzat, bai ingurukoentzat.
Lokal sozialak taberna bat ere bazuen, eta lehen urte haietan auzotar berriek elkartzeko eta bizimodu berria partekatzeko aukera izaten zuten. Urte batzuen buruan gastronomia-, kirol- eta kultura-arloko elkarte bihurtu zen. 1976an jarri zen martxan ofizialki Boskotarrak elkartea. Lehenengo presidentea Javier Fuentes Garciandia izan zen, eta funtsezkoa izan zen hainbat jarduera abian jartzeko: Los Boscoseko jaiak, danborrada edo Piñata Igandea Altzan.
Boskotarrak danborrada (1977)
Elkartea martxan jarri bezain laster, urte horretan bertan antolatu ziren Los Boscoseko lehenengo jaiak, 90eko hamarkadara arte jarraipena izan zutenak. Altzatar askok gogoan izango dituzte oraindik 1977an Espainiako poliziak auzo horretako jaietan izandako esku-hartze bortitzaren ondorio larriak.
Los Boscoseko biztanle asko donostiarrak izanik, 1977ko urtarrilaren 20an, ikurrina legeztatu eta hurrengo egunean, Javier Fuentesek zuzendutako Boskotarrak danborrada atera zuten lehen aldiz. Urte batzuetan, haurren danborrada ere antolatu zen, Ruiz del Campo ikastetxearekin elkarlanean.
Donostiako Inauterietako jaiak berreskuratzearekin batera, 1978. urtean, elkarteak konpartsa bat sortu zuen Juan Mari Oteizak zuzendutako Capitan Araña txarangak animatuta. Hiriaren erdigunean egiten zen Donostiako desfilean parte hartzeaz gain, jaia Altzara ere ekarri behar zela ikusi zen. Ideia horrekin, Javier Fuentesek elkarteko jai batzordeari Piñata Igandea antolatzea proposatu zion, Donostiako inauterien hurrengo astean. Eta horrela urtez urte, lehenik Boskotarrak elkarteak, gero Gurea elkarteak eta gaur egun Altzako konpartsek antolatuta, Piñata Igandea oso jarduera garrantzitsua da gaur egun inguruko gizarte eta jai bizitzan. Galdaragileen konpartsa bat ere jarri zen martxan, baina urtebete baino ez zen egin.
Capitán Araña txaranga (1979)
Aipatu jai-jarduerez gain, kirol arloan Boskotarrak elkarteak pilota eskola martxan jarri zuen, kirol honen bultzatzaile handia izan zena Altzan. Bestalde, Juan Goenagak bola-kirolean edo areto-futboleko taldeek egin zuten lana ere aipatu behar da.
Kirol-jarduerak sustatzeko, 13. zenbakiko azken solairua gimnasiorako erabili zen. 70eko hamarkadan ekipamendu horren sustatzaile nagusietako bat eta presidentea Juan Equiza Aizcorbe izan zen, eta, besteak beste, Luis Mª Aramendi, Pedro Miguel Aguinaga, Antonino Barbier, Ignacio Arbide eta Rafael Imazen laguntza izan zuen. 1977. urtean, 3. zenbakiko etxabeko instalazio berri batera aldatu zen.
1981eko apirilean egindako batzarrean, Juan Ekizak lehendakaritza utzi zuen eta Antxon Alfaro Sagasti hautatu zuten presidente, zuzendaritza batzorde berria osatuz (Felipe Amestoy, Luis Mª Aramendi, Juan Ramón Izargaray, Rafa Imaz, Josetxo Ansa, Javier Alfaro, Francisco Boyero). Talde berri honek ikuspegi berria eman zien gimnasioko jarduerei, bi ardatz nagusirekin. Alde batetik, gizarte-lokalaren baldintzak hobetzea (gimnasioa) eta, bestetik, Altzako oinarrizko kirola sustatzea, ikastetxeekin lankidetzan. Horretarako, Altzakoak Kirol Elkartea osatu zuten. Mahai teniseko, eskubaloiko, xakeko eta emakumezkoen areto-futboleko kirol atalak sortu zituzten. Horrez gain, Altzako areto-futbol txapelketa, udaberriko krosa, kirol asteak edo gimnasia, gin-jazz eta karate saioak jarri zituzten martxan. 1994an elkartea desegin zen, baina emakumezkoen areto-futbolaren atalak aurrera jarraitu zuen, Gerardo Ervitiren lan nekaezinari esker.
Altzakoak K.E. Emakumezkoen areto-futboleko taldea (1990)
Kulturaren arloan, aurreko artikulu batean jaso zen bezala, kaputxinoek kultur eta aisialdi alternatibak sortzeko egin zuten lana azpimarratu behar da, batez ere gazteenentzat. Horien artean, igandeetako zinema nabarmendu behar da, bai eta kultura eta euskal hizkuntza eta tradizioak sustatzeko hainbat jarduera ere.
Musikaren arloan, ikuspegi oso ezberdinak dituzten bi musika talderen eraketa azpimarratu behar da: Brahma musika taldea eta Altzako Lagunak abesbatza.
1973an Los Boscoseko bost gaztek, Jesús Victor Isasti Carranzak, José Enrique Muñoz Ramosek, Antonio Sampietro Núñezek, Jesús Ledo Gómezek, eta Antxon Alfaro Sagastik, musika talde bat sortzera animatu zuten beren burua, eta izen hau jarri zioten: «Brahma». Los Boscoseko zineman hasi ziren lehen saiakerak egiten, eta, ondoren, auzo bereko 12. zenbakiko beheko solairura eraman zuten beren entsegu-lokala. Taldea martxan jarri eta hilabete gutxira Eduardo Sampietro Nuñez sartu zen, eta Jesús Ledok eta Antxon Alfarok jarraitu zuten, baina lan teknikoak eta kudeaketa lanak egiten.
Brahma musika taldeko kideak (1974)
Urtebete baino gehiago entseguetan aritu ondoren, 1974ko urriaren 27an, igandea, Errenteriako Don Bosco ikastetxeko Alkerdi klubean lehen emanaldi publikoa egin zuten. Tito Isasti baterian, Toño Sampietro baxuarekin eta ahotsekin, Eduardo Sampietro gitarra bakarlariarekin eta Kike Muñoz gitarra eta taldeko abeslaria. Hilabete batzuk geroago, José Antonio Navia Alonso gitarra-jotzailea batu zitzaion taldeari, baina taldearekin hilabete batzuk jo ondoren, utzi egin zuen.
1975eko urtarrilaren 26an, Don Boscoko musika modernoaren jaialdian parte hartu zuten, eta 3. saria eskuratu zuten. Maiatzean Los Boscos auzoko lehenengo jaietako dantzaldiak girotu zituen musika taldea izan zen. Urte osoan zehar eta hurrengo urtean zehar 100 emanaldi baino gehiago egin zituzten Euskal Herriko hainbat herritan zehar. Bere azken emanaldia Irungo musika modernoko jaialdian izan zen, 1976ko azaroaren 20an.
Brahma taldearen lehen emanaldia (1974)
Ibilbide hau amaitzeko, Altzako Lagunak abesbatza mistoa izango dugu. Taldea Los Boscosen dagoen San Jose Langilea parrokiaren inguruan sortu zen. Manolo Lorenzo Sieiraren zuzendaritzapean, 30 pertsona inguruk abesbatza jarri zuten martxan 80ko hamarkadaren hasieran. San Jose Langilea elizan aldizka antolatzen zituzten kontzertuez gain, 1984an Altzagaina inguruko baserriak zeharkatzen hasi ziren Santa Ageda bezperako koplak abestuz. Abesbatza 90eko hamarkadaren amaieran desegin bazen ere, Santa Agedako koplak abesten jarraitu zuten. 2009an, 25. urteurrena ospatu zuten, baina Pedro Miguel Ezkerraren zuzendaritzapean, hiru urte lehenago Manolo Lorenzo hil baitzen, eta egun horretan omenaldia egin zioten. Jarduera honek jarraipena izan du 2020ra arte Altza Kantuz taldearen eskutik, eta azken urteetan bertan behera geratu da pandemiak sortu duen egoeragatik.
Altzako Lagunak abesbatza. Santa Ageda bezpera (1988)
***
2022, Otsailak 18
Eskerrik asko Antxon por tu dedicación a nuestro querido barrio. Gure familia partetik muxu asko, aupa Los Boscos