“Poesiarekin mailua”, Irigoien eta Itsubia Arestiren omenez

arestigagiriakEkainaren 5ean, orain dela berrogeita hamar urte, Gabriel Aresti hil zen. Hiru urte ondoren, 1978. urtean, “Agiriak. Euskal poetak eta artistak G. Aresti-ren omenez” liburua argitaratu zen, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialaren bitartez. Lan kolektibo haren koordinatzailea Juan San Martin izan zen eta bera arduratu zen garai hartan poesiagintzan ari zirenekin harremanetan jarri eta parte hartzera gonbidatzen.

Garaiko 52 poeta bildu zituen ekimenaren inguruan, horietako bi altzatarrak: Juan Mari Irigoyen Aranberri (Altza, 1948-2023), “Altza edo herri baten heriotza” poemarekin, eta, Itsubia ezizenez sinatuta, Gurutze Mujika Iturbe herreratarra (Altza, 1950), “Sua erretzen” poemarekin.

Joan Mari Irigoienen lana aski ezaguna dugu, ibilbide luze eta oparoa egin baitzuen euskal literaturan. Gurutze Mujikarena, ordea, laburra izan zen eta haren gazte garaira mugatzen da. Gurutzeren bitartez jakin dugu “Sua erretzen” poema Bilbon antolatu zen poesia lehiaketa batera aurkeztu zuela eta accesit saria eman ziotela. Hori dela eta, Juan San Martinek deitu zion argitaratzeko baimena eskatuz. Bide batez, “Itsubia” ezizena, Zegamako, aitonaren jaioterriko belardi baten izena gogoan hartuz egin zuela esan digu.

Itsubia” ezizenez sinaturik beste hiru poema gehiago ezagutzen ditugu, Aitor Badiola kantariak argitaratutako “Ongi egin duk mutil / Itsasoan preso“, LP diskoan (Elkar, 1977) hiru poema musikatu baitzituen: “Hamalau herriko seme“, “Euskal presoei egindako balada” eta “Ez da zutaz inor oroitzen“. Disko berean Joan Mari Irigoienen hitzekin sortutako beste kanta bat dago: “Peru baserritarra“.

Juan San Martinek, Arestiri eskainitako liburan, Gurutze Mujikak Zeruko Argian aldizkarian egindako ibilbidea aipatu besterik ez du egiten. Eta, hala da, ez poeta bezala, baina bai auzoko kronikalari gisa.  JO-GU-KAR ezizenarepean, Jose Antonio Mujika eta Karmele Berasategirekin batera, urte batez Herrerako zortzi kronika idatzi zituzten, 1972ko eta 1973ko apirilaren artean. Ondoren, beste 26 kronika interesgarri idatzi zituen, 1974 eta 1976 urte bitartean, ETXETXUKOA ezizenez, amonaren baserriaren izenaren omenez aukeratua.

Zeruko Argian ere, 1972ko ekainaren 11an, GURUTZEK sinadura erabiliz, “Sabin Muniategi poeta hori” artikulua idatzi zuen, garai hartan Herreran bizi zen euskal poetaren lanari buruzko iritzia azalduz.

Arestiren heriotzaren berrogeita hamargarren urteurren honetan, “Nire poesia mailu bat da” hura gogoratuko dugu Gurutze Mujikaren “Sua erretzen” poesia berreskuratuz.

SUA ERRETZEN

«Izerdi» izeneko jainkoaren
benetako enbajadore horiek,
bizitza tailerra bihurtzen
bizitzaz eguneroko lan astuna egiten
poesiarekin mailua
eta mailuarekin burnia lantzen,
ikusiak ditut
su-ta-gar jo-ta-ke

Gure gizon paregabeko horiek,
hitzak zementoz idazten
lurra irauliaz
azpikoa gainean jartzen
eta ez odei ez eguzkirik ez dagoenean
beren eskuekin itsasoko urak hartuz
erreka zainari itzultzen,
ikusi ditut nik neronek

Hortzetik hortzera
haizearen egaletan
betiko galderak:

Gorriak           ala           urdinak?
Beltzak           ala           zuriak?
Berdeak          ala           horiak?

Zer ote dira?

Azaleko koloreaz neurtzen ditugu denak
eta neurri berdinarekin gainera
traje bat egiterakoan bezela

Utz ditzagun koloreak
eta koloreen arteko haserreak
Euskal Herria beterik bait da
gizon emakumeaz

Gizon batzuk ikusi ditut bai
beren herriaren alde
borrokan diharduten horiek
ondarra nahasi gabe
arrastorik uzteke
eta eskunarruak izkutatuz
aldez aurretik nonbaiten
beren eskuez
sua erretzen

Zapelatza ikusi dut zeruan
goitik behera nola datorren
bere mokaua harrapatu nahiean
lurreraino heldu arte
ikusi dut baita ere
goseak ase gabe
haserre bizian
berriro goraka igotzen

Sasien artean izkutatzen
zakurrez inguraturiko
piztitxoak ikusi ditut hemen
ase ezinezko zaunkadak entzuten
ikara era beldurrez
bihotza geldirik
eta arnasa hartu ezinez

Beldurrak eraginda
eta beldurra bera gaindituaz
bizitza motz honen bidetik
urrats azkar bezain sendoei eusten
ikusi ditut neuk gizon ausarta horiek

Bizitza presaka bizi nahiean
Trago batean irentsi beharrez
langile porrokatu horiek
penaz ikusi ditut
gazterik hiltzen

Begietan malkoak
bihotzak atsekabez
amalurraren magalera
bihurtu zarete
«bizidunak bakarrik
hil bait daitezke»

Har itzazu
bizidun direnez
zeure sabelean
amalur maite

Sabeletik jaurtiko duzu
berriro hainbat hume
eta sumendiaren ahotik erdituko
hilotzak kateetatik
liberatzen dituzula
eta bide batez
hildakoen arimak berpizten
bukaerari hasera emanaz
betiko bidetan
bide berriak egiten

Etiketak:

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Ekaina 2025
A A A O O L I
« mai    
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
30  

RSS

Azken iruzkinak

  • Iñaki
    (2025, Maiatzak 3)
    «Sorprendente documento e impresionante trabajo. Zorionak eta aurrera!!! »
  • Mariano Pérez de la Cruz
    (2025, Maiatzak 1)
    «En mi etapa en PEBSA de la Coruña, coincidí con Paco Lasa y he de afirmar que su pragmátismo y ...»
  • Ricardo Maritxalar
    (2025, Apirilak 27)
    «En el caserio Mirabarkera (para nosotros Miramarca) nació mi padre Ricardo Maritxalar Leiñena (1918-1973). Hijo de Jose Melchor Marichalar Larrañaga, ...»
  • Iñaki
    (2025, Otsailak 26)
    «¿Cuántas de las especialidades q se anunciaron en el año 85 se ofrecen hoy en ese ambulatorio? Algo tan elemental ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2025, Otsailak 25)
    «Ezkerrikasko Antxon por tu inestimable trabajo en nuestro querido barrio, zure laguna Marisah, »

etiketak


Sarean