“Poesiarekin mailua”, Irigoien eta Itsubia Arestiren omenez

arestigagiriakEkainaren 5ean, orain dela berrogeita hamar urte, Gabriel Aresti hil zen. Hiru urte geroago, 1978. urtean, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak “Agiriak. Euskal poetak eta artistak G. Aresti-ren omenez” liburua argitaratu zuen, . Lan kolektibo horren koordinatzailea Juan San Martin izan zen eta bera arduratu zen garai hartan poesiagintzan ari zirenekin harremanetan jarri eta parte hartzera gonbidatzeaz.

Garai hartako 52 poeta bildu zituen ekimenaren inguruan, eta horietako bi altzatarrak: Joan Mari Irigoien Aranberri (Altza, 1948-2023), “Altza edo herri baten heriotza” poemarekin, eta Gurutze Mujika Iturbe herreratarra (Altza, 1950), , Itsubia ezizenez sinatzen zuena, “Sua erretzen” poemarekin.

Joan Mari Irigoienen lana aski ezaguna dugu, ibilbide luze eta oparoa egin baitzuen euskal literaturan. Gurutze Mujikarena, ordea, laburra izan zen eta haren gazte garaira mugatzen da. Gurutzeren bitartez jakin dugu “Sua erretzen” poema Bilbon antolatu zen poesia lehiaketa batera aurkeztu zuela eta accesit saria eman ziotela. Hori dela eta, Juan San Martinek deitu zion, argitaratzeko baimena eskatzeko. Bide batez, “Itsubia” ezizena, Zegamako, aitonaren jaioterriko belardi baten izena gogoan hartuz aukeratu zuela esan digu.

Itsubia” ezizenez sinaturik hiru poema gehiago ezagutzen ditugu, Aitor Badiola kantariak argitaratutako “Ongi egin duk mutil / Itsasoan preso” LP diskoan (Elkar, 1977) hiru poema musikatu baitzituen: “Hamalau herriko seme“, “Euskal presoei egindako balada” eta “Ez da zutaz inor oroitzen“. Disko berean Joan Mari Irigoienen hitzekin sortutako beste kanta bat dago: “Peru baserritarra“.

Juan San Martinek, Arestiri eskainitako liburan, Gurutze Mujikak Zeruko Argian aldizkarian egindako ibilbidea aipatzen du, ez ordea poeta bezala, baizik eta auzoko kronikari gisa.  JO-GU-KAR ezizenpean, Jose Antonio Mujika eta Karmele Berasategirekin batera, urte batez Herrerako zortzi kronika idatzi zituten, 1972ko eta 1973ko apirilaren artean. Horiez gain, 26 kronika interesgarri idatzi zituen, 1974 eta 1976 bitartean, ETXETXUKOA ezizena zuela, amonaren baserriaren izenaren omenez aukeratu zuen azken hori.

Zeruko Argian ere, 1972ko ekainaren 11an, GURUTZEK sinadura erabiliz, “Sabin Muniategi poeta hori” artikulua idatzi zuen, garai hartan Herreran bizi zen euskal poetaren lanari buruzko iritzia azaltzeko.

Arestiren heriotzaren berrogeita hamargarren urteurren honetan, “Nire poesia mailu bat da” hura gogoratuko dugu Gurutze Mujikaren “Sua erretzen” poesia berreskuratuz.

SUA ERRETZEN

«Izerdi» izeneko jainkoaren
benetako enbajadore horiek,
bizitza tailerra bihurtzen
bizitzaz eguneroko lan astuna egiten
poesiarekin mailua
eta mailuarekin burnia lantzen,
ikusiak ditut
su-ta-gar jo-ta-ke

Gure gizon paregabeko horiek,
hitzak zementuz idazten
lurra irauliaz
azpikoa gainean jartzen
eta ez hodei ez eguzkirik ez dagoenean
beren eskuekin itsasoko urak hartuz
erreka zainari itzultzen,
ikusi ditut nik neronek

Hortzetik hortzera
haizearen hegaletan
betiko galderak:

Gorriak           ala           urdinak?
Beltzak            ala           zuriak?
Berdeak          ala           horiak?

Zer ote dira?

Azaleko koloreaz neurtzen ditugu denak
eta neurri berdinarekin gainera
traje bat egiterakoan bezala

Utz ditzagun koloreak
eta koloreen arteko haserreak
Euskal Herria beterik baita
gizon-emakumeez

Gizon batzuk ikusi ditut bai
beren herriaren alde
borrokan diharduten horiek
hondarra nahasi gabe
arrastorik uzteke
eta eskularruak ezkutatuz
aldez aurretik nonbaiten
beren eskuez
sua erretzen

Zapelatza ikusi dut zeruan
goitik behera nola datorren
bere mokadua harrapatu nahian
lurreraino heldu arte
ikusi dut baita ere
goseak ase gabe
haserre bizian
berriro goraka igotzen

Sasien artean ezkutatzen
zakurrez inguraturiko
piztitxoak ikusi ditut hemen
ase ezinezko zaunkak entzuten
ikara eta beldurrez
bihotza geldirik
eta arnasa hartu ezinez

Beldurrak eraginda
eta beldurra bera gaindituaz
bizitza motz honen bidetik
urrats azkar bezain sendoei eusten
ikusi ditut neuk gizon ausart horiek

Bizitza presaka bizi nahian
Trago batean irentsi beharrez
langile porrokatu horiek
penaz ikusi ditut
gazterik hiltzen

Begietan malkoak
bihotzak atsekabez
amalurraren magalera
bihurtu zarete
«bizidunak bakarrik
hil baitaitezke»

Har itzazu
bizidun direnez
zeure sabelean
amalur maite

Sabeletik jaurtiko duzu
berriro hainbat ume
eta sumendiaren ahotik erdituko
hilotzak kateetatik
liberatzen dituzula
eta bide batez
hildakoen arimak berpizten
bukaerari hasiera emanaz
betiko bidetan
bide berriak egiten

Etiketak:

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Ekaina 2025
A A A O O L I
« mai    
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
30  

RSS

Azken iruzkinak

  • Claudia Longarela Colombo Berra Brea
    (2025, Ekainak 14)
    «Quise decir Lima Pcia. De Buenos Aires. »
  • Claudia Longarela Colombo Berra Brea
    (2025, Ekainak 14)
    «Hola! Mis bisabuelo materno se llamó Angel Berra vino de Milán. Se radicó en Lluma partido de Zárate. Pcia de Buenos ...»
  • Iñaki
    (2025, Maiatzak 3)
    «Sorprendente documento e impresionante trabajo. Zorionak eta aurrera!!! »
  • Mariano Pérez de la Cruz
    (2025, Maiatzak 1)
    «En mi etapa en PEBSA de la Coruña, coincidí con Paco Lasa y he de afirmar que su pragmátismo y ...»
  • Ricardo Maritxalar
    (2025, Apirilak 27)
    «En el caserio Mirabarkera (para nosotros Miramarca) nació mi padre Ricardo Maritxalar Leiñena (1918-1973). Hijo de Jose Melchor Marichalar Larrañaga, ...»

etiketak


Sarean