Mikel Zabalza gogoan… berrogei urtez

2025, Abenduak 2

image003

Altzako Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimena

Ba dira lau hamarkada luze Mikel Zabalza orbaiztarra eta Donostiako Udaletxeko langilea Tranbia Konpainian Altzako bere etxean, Jolastokieta auzoan, atxilotuta eta bizirik eraman zutela. Berarekin batera, bere neska laguna, Bidebietako Idoia Aierbe, bere lehengusua Manuel Bizkai Zabalza, Jon Arretxe oreretarra,… Nafarroan ordu berean bere bi anai ere atxilotu zituzten… Garai hartan halako sarekadak ziren errepresiorako ohiko tresna…

Intxaurrondoko koartelera eraman zituzten, Antiterrorista deituriko Legearenpean, hots, inkomunikazioa, iluntasuna, ezjakintasuna, izua eta mina.

Handik ordu batzuetara, atxilotuak askatasuna berreskuratzen hasi ziren inolako kargurik gabe eta publikoa egin zutena bihotza dardar batean utzi zigun. Tortura jasan zuten guztiok. Bizipen bortitza izan zen, latza… Eta testuinguru horretan, albiste ofizial bat iritsi zen: Goardia Zibilak Mikel Zabalza, Endarlatsan balizko zulo bat ikuskatzera eraman eta bertan zela, Bidasoa ibaira jauzi egin eta ihes egin zuela.

Gobernuaren bertsio maltzur horrekin abiatu zen “Mikel Zabalzaren kasua”. Berarekin atxilotuta egon zirenen adierazpenei aurre egiteko osatu zen bertsio maltzur hura, oso bestelakoa zelako: Koartelean Mikelen oihuak entzun zituzten; kamilan gorputz bat ikusi zuten, eta Mikelena zen; “joan egin zaigu” entzun zuten.

Euskal jendartean halako gezurra ez zuen sarbiderik izan eta segidan mugimenduak, kale - mobilizazioak eta interpelazioak hasi ziren. Altzan ere Mikelen gorputza bahitu zutenetik egunero izan ziren manifestazioak, herri batzarrak, kale mozketak, trenbide mozketak eta poliziarekin istiluak, Herrera eta Bidebieta auzoetan gehienbat.

Bere lankideak ,gaur egun izena duen DBus konpainian hasi ziren antolatzen, batzarrak eta paroak egiten haren askatasuna aldarrikatzen…Mobilizazio ikusgarriena autobus bat hartu, pankartaz josi eta manifestazioan ehundaka bus gidari, mekaniko, garbitzaile eta bulegari Ategorrietan zeuden Kotxeretatik Udaletxera eta gero Gobernu Zibilera joan zirenekoa izan zen. Pio XII plazara iritsi zirenean poliziak kargatu eta kolpeka desegin zuen ekimena, baina langileok zeramaten autobusa “HEMEN GIDARIA FALTA DA. NON DAGO MIKEL ?” pankartarekin zintzilik jarraitu zuen bere bidea pelotakadak eta keazko poteen artean.

Azkenean, atxilotu eta 20 egunetara Goardia Zibilak bere gorputza agertarazi zuen Bidasoa hibaian, Endarlatsan. Mikel Altzatik eraman zuten bizirik baina torturaz hilik bueltatu zen Orbaizetara, bere herrira.

Greba orokorra Hego Euskal Herrian eta ordurarte ezagututako manifestaziorik handienak antolatu ziren baita Altzan ere, baina gaur arte Espainiako Gobernuek ez dute Mikelen erahilketa aitortu.

Horregatik guztiagatik aurten Altzako, Bortzirietako eta Aezkoako Mikel Gogoan Herri Ekimenak, DBus konpainiako Langile- Batzordea, Egiari Zor Fundazioa, eta Euskal Herriko Torturatuen Sarea batu dira gertakari haiek gogoratzeko “AUTOBUS BIRA” antolatuz ,”Etenik ez duen haria” isladatuz, dagoeneko duintasunezko autobus hori 40 urte daramalako geltokiz-geltoki bidea egiten…

Lehen geltokia: Mikelen gorpua berreskuratzea. Familiaren, herritarren, alderdi politiko eta eragile askok eragindako presioaren aurrean, Gobernuak amore eman eta Mikelen gorpua agertarazi zuten. Lorpen bat, tristea, baina lorpena, Mikel desagertuen zerrenda osatzera kondenatua bait zen, bertsio “ofizial” maltzur hori betikotuz.

Geltoki gehiagotik pasatu da gure autobusa: Egia zein izan den argi uztea. Urteak pasa behar izan diren arren, azken urte hauetan egia “soziala” egia “instituzionala” bilakatu da. Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak Mikel Zabalza Estatuaren bortizkeriaren biktima gisa aitortu dute. Justizia egin dadin ere saiakera ugari egon da, bai familiaren aldetik, baita Udaletxearen aldetik ere, baina bide honetan gure autobusak hainbat traba eta oztopo topatu ditu bidean, hala Goardia Zibilaren jarrera (”busquen en objetos perdidos”), nola Madrilgo Gobernu guztien mespretxua, (hainbat torturagilei sarituz, Sekretu ofizialen legea mantenduz, bide juridikoei ateak ixten, inpunitatea sustatuz…)

Memoriaren eta Aitortzaren geltokitik ere pasatu da, eta horren testigu dira Altzan zein Orbaizetan urtero egiten zaion oroimena, Altzako Mikelen Txokoa, aipatutako instituzioek haien biktimen zerrendetan sartu izana, Donostiako Udalak egindako aitortza eta plakaren ekimenak, hamaika hitzaldi, antzerki obra, Zinemaldian estreinutako dokumentala…

Arlo honetan hurrengo ekimena abenduak 9, asteartean,18:30tan, Tomasene kultur etxean antolatu dugun mahai-ingurua izango da,non Iñigo Iruin abokatua, Paco Etxeberria mediku forensea eta Idoia Zabalza, Mikelen arreba honetaz guztietaz mintzatuko dira.

Orain BIRAN dugun autobusa 40 urte geroago, Mikel Zabalza, eta Idoia, eta Jon… eta nolabait Euskal Herrian torturatuak izan diren pertsona guztiak presente ditugula erakusteko, eta bide luze hau egin ondoren oraindik azken geltokira iritsi ez garela adierazteko. Azken finean, dagokionak, Espainiako Gobernuak alegia, erantzun gabe segitzen du: “Hemen gidaria falta da: Non dago Mikel?” Non dago Egia? Non Justizia?

Sekretu Ofizialen legea bezalako tortura eta tratu txarrak estaltzeko indarrean segitzen duten babes tresnak, desagertu behar dira; Goardia Zibilak eta Espainiar Gobernuak EGIA aitortu behar dute; hau ezinbestekoa da JUSTIZIA eta ERREPARAZIOAri bidea ireki behar  ba zaio eta zigorgabetasunarekin amaitu ahal izateko.

Hau gertatu bitartean gure autobus honek bere bidea egiten segituko du, eguraldi on eta txarrarekin, bide estuetatik eta aldapa tenteetatik, ez du axola. Benetako Egia eta interpelazioa darama berarekin, eta herritarren nahiaren energia. Gezurrak ez du etorkizunik. Hariak ez du etenik…

Gaurtik hasita eta hurrengo egunetan, Autobusaren Bira Donostian izan da eta Mikelen oroimenean garrantzia duten beste hainbat herrietatik pasatuko da. Azaroak 30 ean bere herrian Orbaiztan egin zaion omenaldi hunkigarrian izan da, gero Aezkoa, Iruina, Bortziriak… eta abenduak 11, osteguna, Altzan egongo da, Larratxoko Josu Artetxe Plazan, goizeko 11tatik 19:00tara bitartean… gertatutakoaz erakusketa xume bat ikusgai duela. Testigantza darama bere baitan eta dei egiten diogu tokian-tokiko herrikideei eta bereziki gazteenei hura bisitatzera.

Autobus Bira honek abenduak 14an izango du amaiera Donostian. Dbuseko langileek, orain 40 urte bezala, autobusa eramango dute Kotxerasetik Bulebarrera. Horregatik deialdi berezi bat egin nahi diogu Altzako eta Ekialde Barrutiko jendarteari Mikel Zabalzaren memoria isladatzen duen autobus horri harrerarik beroena egitera Ategorrietan goizeko 11:45ean, handik azken ekitaldian parte hartzera joateko.

Elkar ikusiko dugulakoan, gora Mikel !!!

Inor,inon,inoiz. Torturarik ez !!!

image001

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Abendua 2025
A A A O O L I
« Aza    
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031  

RSS

Azken iruzkinak

  • Javi Castro
    (2025, Azaroak 7)
    «Aportación muy completa e interesante. »
  • zapi
    (2025, Urriak 1)
    «ekintza ikusgarria eta erabat berritzailea gure Herriaren nodik norakoak belaunaldi berriei hausnartzen laguntzeko.. Proposamen bat..lanaren azalpenetan korrikarako egin zen hormirudiarekin bukatzen ...»
  • Ion Urrestarazu
    (2025, Abuztuak 12)
    «A mi siempre me llamó la atención, pues no parece muy heráldico, y viendo la complejidad de las piezas exhibidas ...»
  • Estibaus
    (2025, Abuztuak 11)
    «"Baserria" erakusketarekin batera, irailaren 10ean , Gipuzkoako Foru Ondare Historiko-Artistiko Saileko Ainara Iroz Zalba eta Josu Maroto Peñagarikanoren eskutik ...»
  • Zigor Etxeburua
    (2025, Uztailak 23)
    «Zorionak egindako lanarengatik. Datuz ederki hornitu duzue, eta Altzako garapen ekonomiko sozialaren alderdi ezezagun hau argitara eman duzue. Interesgarria litzateke ...»

etiketak


Sarean