Barrutiko proiektu izoztuak
Elkarteen ordezkariak Barrutiko Batzarrean
Udal Gobernuak 2023tik 2026ra bitartean Donostiako Ekialdeko Barrutiari esleitutako aurrekontuen zati garrantzitsu bat izoztea erabaki zuenez, atzo, irailak 30, Jon Insausti alkatearen aurrean egindako Barrutiko Batzarrean parte hartu genuen elkarteok ohiko bilkura uztea erabaki genuen. Alkatearen agerraldia Barrutiko lantaldeek aldez aurretik eskatu zuten.
Udal Gobernuak aurrekontu-partida horiek izoztea erabaki du, herritarrek zuzenean bozkatu zituzten aurrekontu parte-hartzaileen proiektuetako batzuk barne. Erabaki hori hartu da aldez aurretik Barrutiko Batzarrari jakinarazi gabe, izozten diren partidak zehazteko erabilitako irizpideak azaldu gabe eta eraginpean dauden proiektuak zehaztu gabe.
Partida horiek ez gauzatzeko erantzukizuna Udal Gobernuari berari, bere zinegotziei eta beraiek gidatzen dituzten sailei dagokie, horiek baitira onartutako aurrekontuak kudeatu eta gauzatzeaz arduratzen direnak. Beraz, paradoxikoa da, eta bidegabea Barrutiko herritarrekiko, orain justifikatzea partida horiek izoztea, hain zuzen ere gauzatzerakoan metatutako atzerapenagatik.
Atzo egindako bileran, erabaki horri buruzko informazioa eta azalpenak eskatu genituen. Gure eskaerei erantzun zehatzik eman ez zigutenez, Batzarrean ordezkatutako elkarte guztiek - Altzania, Altza-Elkartasuna Auzo Elkartea, Plazandreok, AltzAthletic, Oleta Auzo Elkartea, Herripe, Buenavista Auzo Elkartea, Herrerako Sporting, Izbe eta Bizarrain Euskara Elkartea - bilera uztea erabaki genuen.
Era berean, Barrutiko Batzarraren hurrengo bilkuretan ez parte hartzea erabaki dugu, proiektu horiek berriro aktibatzen ez diren bitartean.
Erabaki honek ez du esan nahi Barrutiaren alde lan egiteari utziko diogunik. Lantaldeetan aktiboki parte hartzen jarraituko dugu, zortzi urteetan egin dugun bezala, gure denbora, ezagutza eta inplikazioa eskainiz, gure auzoak hobetzeko eta auzotarren beharrei erantzuteko.
2026ko urriaren 1a
Ekialde Barrutiko Batzarrean ordezkaritza duten elkarteak



