Angela, ahaztu behar ez den garai baten lekukoa
Antxon Alfaro
Gaur, apirilak 14, Bigarren Errepublikaren aldarrikapenaren urteurrena dela eta, Lekukoak proiektuaren barruan Altzako bizilagun Angela Rubio Rodriguezi egindako elkarrizketaren pasarte bat partekatu nahi dugu. Bertan, Angelak Errepublikaren etorrerak berarentzat zer suposatu zuen gogoratzen du.
Angela 1915ean jaio zen Casares de Las Hurdesen, Espainiako bazter pobreenetako batean, bederatzi anai-arreba zituen familia xume batean. Zortzi urterekin jada ahuntzak zaintzen zituen. Ez zuen oinetakorik izan hamar urte bete arte; orduan, aitak berak egindako txanklak jarri zizkion. Inoiz ez zen eskolara joan. Hala ere, 104 urte bizi izan zen, eta dena ikusi zuen: antzinako erregimenaren miseria, Errepublikak ekarri zuen itxaropena, gerra zibilaren izua eta ondoren etorri ziren isiltasuneko hamarkada luzeak.
Bere testigantza, lerro hauekin batera doan bideoan jasoa, benetan argigarria da. Bizitako esperientziatik hitz egiten duenaren argitasun eta amorruarekin, Angelak honela deskribatzen zuen Errepublika aurreko Espainia: “pobreak lurrean arrastaka lanean, bide bazterretan hiltzen”, bitartean boterea erregeen, nobleen eta elizaren artean banatzen zen. Herrietan ez zegoen medikurik ezta irakaslerik ere, eta behekoentzat ez zegoen etorkizunik.
Errepublikaren banderaren igoera Eibarko udaletxeko balkoitik
1931ko apirilaren 14an Errepublika aldarrikatu zenean, Angela bezalako milioika pertsonak lehen aldiz sentitu zuten herrialdea ere beraiena izan zitekeela. Haien seme-alabak eskolara joan zitezkeela, lurra bidezkoago banatu zitekeela eta duintasuna ez zela gutxi batzuen pribilegioa izan behar. Baina, tamalez, itxaropen hark oso gutxi iraun zuen.
Gaur, une historiko hura gogoratzean, Angelaren ahotsa garai haiek bizi ez genituenengana iristea nahi dugu. Ez iraganean gelditzeko, baizik eta handik ikasteko eta berriro ez errepikatzeko. Berak, inoiz hezkuntzarik jaso ez bazuen ere, oso ondo ulertzen zuen zer zegoen jokoan.
Ezin dugu ahaztu. Izan ere, ahaztea ez da soilik iragana atzean uztea, baizik eta oraina ahultzea ere bada. Angelaren testigantzak gogorarazten digu eskubideak, duintasuna eta justizia soziala ez daudela betiko bermatuta: zaindu ezean gal daitezkeen lorpenak dira. Gaur bere ahotsa entzutea, gainera, konpromiso bat da. Oroimena ez dela nostalgia hutsa, baizik eta etorkizun justuago bat eraikitzeko ezinbesteko tresna dela gogorarazten digu.



Bidcoa ikusi
