Garbera
Iñigo Landa
Garbera izena Altzako baserri eder baten izena da eta baita bere inguruan dagoen auzoarena ere. Altzatarrok ezezik hainbat eta hainbat bertsozalek ere ezagutzen dute Garbera Bixente Barandiaran bertsolari ospetsua baserrian bertan bizi delako. Azken bolada honetan, Garberan hipermerkatu bat eraiki dutelako, nonnahi idatzita ikus dezakegun izena da eta, publizitatean ikus daitekeen G horrek pentsaraz lezakenaren kontra, ondo badakigu ez daukala zerikusirik Donostiako badiarekin.
Denetara, lau etxe izan dira Garbera izenarekin ezagunak. Bi zutik diraute, Garberabia baserria, eta ondoan dagoen Garbera-txiki, Palacio izenarekin ere ezagutzen dena. Beste biak dagoeneko desagertu dira: Garbera-goya eta Bustintxulo izenarekin ere ezaguna zen Garbera-berri baserria, biak “Ministerio de la Viviendaren” expropiazioaren eraginez desagertu zirenak. Herrerako Futbol-zelaia ere, Garberako-gaña izeneko parajean egin zen, geroago autobideak betirako Garberatik bereiztu zuena. Aipatutako bost puntu hauek ideia ematen digute Garbera leku-izenak historian izan duen hedaduraz eta kokapenaz, hots, Ametzagañaren magaletik Txingurri eta Larratxo erreketaraino.
Singularra da, benetan, Garbera izena, izen hau duen beste baserri, auzo edota herririk ez baitugu ezagutzen Euskal Herrian. Norbaitek euskal kutsua antzeman baliezaioke ere, Euskal Herritik kanpo bilatu beharko dugu bere jatorria. Aurreneko aldiz, Juan de La Carbuera pertsona izenean aurkitu dugu, 1390. urtean, beste hamazazpi lagunekin batera Altzako San Martzial parrokiaren sorreran. Juan de La Carbuera-ren abizenak, garai horretan oso zabaldua zegoen ohiturari jarraituz, familia horren jatorria adierazten digu, gure ustez. Kasu honetan, Arzak izenarekin gertatzen den bezalaxe, Gaskonian badago Gourbera izeneko herria, Dax hiriaren barrutian.
Abizena, Altzako beste abizen batzuk ez bezala (Berra, Arzak, Aduriz, Casares…) XVI. mendean desagertu zen. Etxea, ordea, bizirik iraundu zuen eta 1625. urtean, Lope Martinez de Isastik lezoarrak idatzitako “Compendio Historial de Guipúzcoa” liburu ospetsuan, Garbera etxea aipatu zuen “Alza San Marcial” barrutiari dagokion etxe zerrendan, hau izanik, modu honetan idatzita, aipatzen den lehen aldia.
Ordutik hona, Garberako inguruak gorabehera asko ezagutu ditu eta, Altzako beste bazter asko bezalaxe, azken hamarkadetan nozitu behar izan du hiriaren presioa, ia desagertu arte. Oraingoan ere, lehen gertatu zen bezala, lekuko mutuak izan gara paisajearen metamorfosi bortitzaren aurrean, iraganaren urratsak ezabatu eta inoiz egiteko dagoen Lau-Haizeta parkea kolokan utziko duena.
Garbera-goya baserria
(Félix Iranzoren argazkia)
2011, Ekainak 11
Kaixo:
Email honen zergatia, bustintxulo izenarekin ezagutzen zen garbera-berri baserriaren informazioa jakin nahiko nuke. Nere familia bertan jaio eta hazi bait zen.
Asko eskertuko nizueke baita ere argazkiren bat bidaliko bazenidakete . Aldez aurretik mila esker.
2011, Ekainak 12
Kaixo,
Tamalez ez daukagu informaziorik.
http://www.altza.info datu-basean sartzen bazara, bilatu “Intxaurrondoko airetiko ikuspegia” eta bi sarreretako batean aurkituko duzu (erref. 3162). Baserriaren teilatua ez da oso ondo bereizten, baina baratzak, bideak eta inguruak bai.