Altza gara

2011, Martxoak 24

Zigor Etxeburua Urbizu

‘Gure herriaren etorkizunarekin kezkatuta gauden altzatar multzoa gara. Ez dugu bat egiten Donostiak Altzarekiko duen jokamoldearekin, eta Altzaren nortasuna eta duintasuna berreskuratzeko protagonista izan nahi dugu’. Horixe da Altza Gara ekimenean bildu garenon goiburua.

Historiara jo daiteke hiriburuak Altzarekin izan duen jarrera ikusteko. Jadanik XVI. eta XVII. mendeetan baziren hiriburuarekiko hika-mikak, Pasaian ontziei saldu beharreko sagardoa Altzakoa ala Donostiakoa behar zuen erabakitzerakoan. XIX.an, Altza eta Pasaia bereganatzeko urratsak abiatu zituen Donostiak; Pasaiak portua emango zion, eta Altzak hiriburua zabaltzeko behar zituen lurrak. XX. mendeko 10eko eta 20ko hamarkadetan, altzatarrek Donostiaren jauntxokeriari erantzun zioten, baita galdeketen bidez ere, argi uzteko ez zutela hiriburuaren baitan desagertu nahi. Frankismoaren jazarpenarekin iritsi zen Altza Donostiara batzeko agindua. Diru-kutxak hustuta, hiriburuaren betiko asmoa airean eta agintea zuten Falangisten terrorea herritarren zainetan, 1939. urtean, ordezkaritza demokratikorik ez zuten bi udalek anexioa erabaki zuten, “Donostiaren eta nazioaren interesen mende jartzeko”. Goizetik gauera erdaldunduko zen euskalduna zen herria, auzo marjinatu eta txiro bilakatzeaz bat.

Baina hitz egin dezagun egungoaz. Gure herrira boto-arrantzan etorri izan diren politikariek urteotan ez dute erakutsi inposaketa hori zuzendu eta Altzaren egoera bere onera ekartzeko borondaterik. Gure nortasuna deusezten jarraitzen dute, adibidez, Altza lau auzotara mugatuz (Bidebieta, Intxaurrondo eta Sarrueta ere badira Altza). Desoreka urbanistikoan oinarritutako politika ezarriz, hiriko eremurik populatuenetakoa, desordenatuenetakoa eta azpiegitura gutxien duenetakoa da Altza. Gure herrian inon baino kultur etxe gehiago izanik ere, aurrekontua ormei eusten joaten da, eta ekimenak urriak eta kalitate eskasekoak dira; ez zaie bururatzen Jazzaldiko kontzerturik programatzea Altzan, ez. Horrela nola izango donostiarrek Altzara ezertara etortzeko aitzakiarik? Ikertzaileak ere Mirakontxan, badaezpada ere, eta Altzan topa ezin daitezkeen alokairu-prezioekin, gainera. Euskara arroztua dago, eta hona bidaltzen dira hizkuntza-eskakizunak betetzen ez dituzten administrazioetako langileak. Hain beharrezkoak diren herri-lanak hauteskunde bezperetan egiten dira, eta beti motz geratzen dira. Eta berriro ere jo puntuan dute Altza, neurri gabeko lur-okupazioak egiteko (Auditz-Akular, Herrera, Antondegi…), giza- eta natura-ingurunearen degradazioak eskainiz altzatarroi, opari.

Gauzak horrela, langabetu gehien izaten jarraitzen duen hiriko eremu honi Donostiatik egindako argazki futuristak erakutsiko lituzke enpresak eta saltegi txikiak itxita, zelaiak apurtuta, bertakook erosi ezingo genituzkeen etxe bipilak zutik, eta haiei begira dagoen jende aspertu andana, hiribide berri mortuetan atzera eta aurrera doazela, zer egin jakin gabe, mutu. Eta ez gaude horretarako prest, ez dugu horrelako etorkizun baten ikusle izan nahi. Geure seme-alaben eta geure etorkizunaren protagonista izan nahi dugu, ardura eta ondorio guztiekin. Horretan saiatzen ari gara.

Etiketak: ,

Iruzkina idatzi

Estibaus

Atalak

Abendua 2024
A A A O O L I
« Aza    
 1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031  

RSS

Azken iruzkinak

  • Carmen Perez
    (2024, Azaroak 29)
    «ZORIONAK POR LOS 50 AÑOS DE ASOCIACIONISMO »
  • Carmen Perez
    (2024, Azaroak 29)
    «ZORIONAK POR LOS 50 AÑOS »
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 20)
    «Además de una lectura agradable que nos acerca a la figura del Dr. Casares, puntualiza los datos ...»
  • MARISA AMESTOY
    (2024, Azaroak 8)
    «NO ME ACLARAS NADA NI TE POSICIONAS SOBRE NUESTRO EDIFICIO, SIGO DICIENDO LO MISMO. LAS ASOCIACIONES ESTÁIS EN EL NO ...»
  • Elena Arrieta Yarza
    (2024, Azaroak 3)
    «Escribo desde Herrera y aunque es verdad que cuando nos ponemos a hablar de Auditz Akular, nos puede desde hace ...»

etiketak


Sarean